XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nere Aitortza eta Asmuak

Pazko denbora etorri zaigu
Beste urtetan bezela,
Ama-Eliza deika dautugu
Alderatu gaitezela.
Oju garratzaz esaten digu
Beste bizitza badela,
Gure aitortza egiña degu
Etzan gauz onik bestela.

Eliz-alkitan egondua naiz
Oben guztiyak oroitzen,
Egiñ ondoren sayatu nitzan
Biotz-barrendik damutzen.
Zeruko Aita eta Amari
Laguntza diyet eskatzen,
Lagundu bada nere obenak
Bear bezela aitortzen.

Apaiz prestu bat aldian zegon
Aitor-leku barrenian,
Lotsaz beterik aurkeztu nitzan
Neren epaillean aurrian,
Pekatu danak aitortu ditut
Garbi, apaltasunian,
Guzti-guztiyak barkatu dizkit
Jaungoikuan izenian.

Jauna artzian osatu ditut
Eliza'ren aginduak,
Barren-barrendik poza datorkit
Oben danak barkatuak,
Geroko ere egiñak ditut
Oso ontzeko asmuak
Lenago ere egiñ nituan
Ondotik ziran kontuak.

Farrez daudela ikusten ditut
Neri entzuten nautenak,
Arritu ditu eziñ geyago
Nik azkenean esanak.
Gure bizitzak ageri dira
Eztet esaten danenak
Bañan badakit zabiltzatela
Ni bezelatsu geyenak.

Bizi denbora baduakigu
Askori utskeriyetan
Betikotasun neurri-gabia
Eztegu artzen ezertan.
Entzu gabeak gertatzen gera
Eginkizun geyenetan,
Aurreko utsak bete ditzagun
Ondorengo egunetan.

Pekatariyak izanagatik
Ez gaitezen ikaratu,
Goiko Artzayan ardiyak gera
Eta danak maite ditu.
Ardi galduak bagera ere
Ziñez bazaigu damutu,
Bizkar-gañetan artu ondoren
Pozik eramango gaitu.