XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pertsuz agur bat

Eskual zeruko izar argi bat, hanbat behatu duguna,
Zinen Saint-Pierre bertutetsua, aphezpiku eskualduna,
Bihotz handiko gizon zuzen bat, zintzo eta jakintsuna,
Lorietan so ginakola, bichtatik joan zaukuna
.

Egia dea, ez ditugula entzun behar gehiago
Zure hitz sustengatzaileak? Ez diot sinets oraino...
Egia dea, zure eskua lohartu dela bethiko?
Etzaitugula hor gehiago, bidea-erakusteko?.

Bai egia da, ez da dudarik, utzi gaituzu ba, Jauna,
Egiazko aphezpiku ta gizon izan zarena;
Bainan hartu bazaitu ere Jainko onak bere-gana,
Munduan ez da ezeztatuko zure orhoitzapena.

Zure mintzaldi chorragarriak zonbat ditugun miretsi!
Ta zonbat zaitugun maitatu, Jainkoak berak badaki!
Zutan herriak zuen argia, zurekin zauku itzali;
Zure joaiteak egin ziloa nork behar dauku estali?.

Maite zinuen Eskual-Herria, maite Eskualdun guziak;
Ohidurentzat bazinituen sendimendu berheziak.

Indar handiak atzeman ditu zutan gure flakeziak.

Oraino ere ez diot onhar nola gaituzun utziak!.

Haurrak gaztechko munduan utziz hil den aita baten pare,
Gu zure behar handitan! eta itzali zira zu ere.

Zertako bada zure begiak bethikotz hetsi dirade,
Hanbat gogoan zintuen gauzak obratzen ikusi gabe?.

Orok hiltzen segurra dugu behin sortzeaz geroztik;
Nehor ez da baztertzen ahal heriotzeko ordretik.

Zu ere, Jainkoak deithurik, joan baitzira mundutik;
Ikusi arte, adichkidea, beha zaguzu zerutik!.