XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Xapelgo bat badelarik,
Denak xuriz beztiturik,
Heldu zauzkigu nunbaitik,
Uste dut aments batetik...
Alta badute gorputzik,
Zaluak, gantza gaberik,
Besotan indar ukanik,
Ukaldi gaitzak emanik.

Aintzin aldian, besainka,
Tiro bat da hunen saka!
Ari zauku, dena kaska,
Kintziak han ezin trenka...
Bainan, besazpiz pasoka,
Erreferak ere joka,
Gihil alderat botaka,
Erhotu gabe lasterka.

Ez dut atxeman gizonik,
Pilotaria ez denik,
Horiek bezalakorik:
Partida hasten delarik,
Gertatzen dira bakarrik
Jokoarekilan baizik,
Ezpaitute axolarik
Kintze zonbaiten kanpotik.

Artzen dira hor, ixilduz,
Besoz, bainan ere buruz,
Xedeak untsa gordetuz,
Besten nahiak asmatuz,
Xuxen lekian agertuz,
Nun-nahi pilota bilduz,
Makur guziak jasaituz,
Jukutriak ez barkatuz!.

Iruzkia distiratzen,
Matelak oro gorritzen,
Atorrak larruan lotzen,
Esku hantiak erretzen,
Oinak errautsan ibiltzen,
Espartinak fundikatzen,
Gerriko batzu zabaltzen,
Bonetak aldiz airatzen!...

Xoko batian jarria,
Murruari kokatia,
Azantzan ezti-eztia,
Hara nun den xaxaria...
Ikusiz geroz kintzia,
Garraitu ala galdia,
Egiten dauku kundia,
Emanik bere kantia.

Eta berriz, tinki-tanka,
Pilota harat-hemenka,
Jokolariak indarka,
Iduri dute, noiztenka,
Debriak zalapartaka...
So-egiliak oihuka,
Gogotik esku-zartaka,
Batzutan irrintzinaka!.

Herriaren bihotzian,
Elizaren aintzinian,
Hil-harrien bazterrian,
Arbasoen itzalian,
Gaztiak dira lorian,
Leherrinak, izerdian,
Gizonki beren jostetan,
Pilota-plaza garbian.