XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LEHUNTZE. Irrati-kasetalarien biltzarra

Errana ginuen bezala atzo izan da Lehuntzen gure eskualdeko eta Ipar Euskal Herri huntako irrati eta kaseten arteko mahain inguru balios bat.

Hor zirenak Herria, Sud-Ouest, Enbata, Herriz Herri, Oihua, Cercle d'Etudes et Informations d'Urcuit, Radio Pays Basque, Radio Adour Navarre, Radio Irouleguy, Emancipations, Gure Irratia... Jende andana eder bat ere entzuletan.

Gainerat mahain inguru hori bi irratiek zabaldu dute: Adour Navarre eta Gure Irratiak ere naski.

Biltzarraren kudeari J.-Marc Abadie eta Manex Pagola.

Ziotenaz, frango extiki joan da dena.

Bakotxak agertu bere ikus moldea eta kezkak.

Denek aitortu ez dela lan erretxa kasetalari lana, eta ere irrati eta kasetek elgar laguntzen ahal dutela elgarren kontrako konkurrentzian ari gabe baitezpada.

Radio Pays Basque-ekoak erran duenaz, kasetagintza ofizio guzietan bezala baita kasetagintzan ere lan molde berezi eta egin beharrik.

Opinionezko kasetak direla deplauki agertu dutenak Enbata eta Emancipations delakoaren ordezkariak.

Izan da ere han hemenka xixtarik, bainan denak naski arras loriatuak kasetalariek elgarrekin mintzatzeko urrats hori eginik.

Aturri Ondo batasunaren gain muntatua zen biltzar hori eta alde hortan doakigun II-garren Kultur aste hori doi bat argitu duke, bere itzal eta asmoekin.

Han zen bat.

ITSASU. Sortze

Bigarren haur bat Uhalde-Etxeberriko familian, nexka bat buruilaren 28-an sortua eta Maialen izendatua, Henri Michel Eyherabide eta Joséphine Aguerre, senar emazten alaba.

Goresmenak ait'ameri eta ongi-etorri Maialeni.

Ezkontze

Joan den astean Monique Ospital Mendibixtakoak hartu du senartzat Gérard Romatet Angeluarra.

Angelun bizi beharrak dira.

Zorionak espos gazteeri.

Dolu

Mendibideko Beñat Elissetche ttipiak utzi gaitu.

Iragan igandean, haren ehorzketako meza ederrean, bazen segur jende, bazen ere lore, haren kutxa ttipiaren inguruan eta hautan gehienik munta zuketenak bere adineko lagunek eskuaren puntan eskaintzen zituztenak beren printze ttikiari, jaun erretorak deitu hain ongi duen bezala bere mintzaldi hunkigarrian.

Bai lore zen Beñat ere, ez bere lagunak baino hitsagoa, ahulago izana gatik, bainan biziz gaindi eta huni hek baino atxikiagoa, sendi izan balu bezala bere egunak kondatuak zituela.

Lore zen eta lore itzali da.

Izanen da orai bere familiaren eta gu guzien aingeru begirale.

Parte hartzen dugu burrasoen eta familiaren nahigabean.

BIRIATU. Pilota

Hiru partida, bat bertzea bezain xarmantak jokatu dira finala konduko gure plazan.

Hirugarren kategorian Pausuko erretora nausitu da doi-doia herriko bi gazteri.

Bigarrenean Bercetche ta Inda gazteak J. Marc Zugasti eta Duperouri.

Azkenean Cigarroa ta Zamora nausitu dira bortz kintzez Saldubehere ta Cledoni.

Partida huntan zonbat aldiz ez dira berdindu! Azkenean 35etan.

Plaza mukurru betea baitzen, sutan zagon, deneri esku zartak nasaiki emanez.

Urruñako bikarioa ez zela ahantzia segur! Kopa ederrez saristatu dituzte pilotariak irabazle ta galtzale, hori gauza ederra baita! bai eta ere turnoko pilotari gaztenari hau Aramburu gaztea.

Ondotik erromeria, jateko nasaiki... Helduden urte artio!

MAKEA. Herriko kermeza

Ederki iragan da gure herriko kermeza.

Gainerat goizeko mezatik hasirik, erran dezaket herritar bezenbat auzo-herritar bazela gure artean!

Luzatu gabe, lehenik, gure esker beroenak Igantziko kantari, dantzari eta pilotarieri.

Bai, ohartu zirezten bezala, gure herriak ez du mugarik eta gero-ta-gehiago gure harremanak handitu doatzi.

Bai, prediku bat anpuñatik emana, kantuak airosak eta hunkigarriak, dantzak euskaldunki emanak eta pilota ederki, bai ezker eta eskun ibili dena!

Jan-edanak ausarkian, eta omore ona mahainean; zinez ginen Mendi-artean!

Huna, bukatzeko pilota partidaren gora behera.

Frango ados edo berdin askotan: 3,10,11,12,13,15,16,17,18,20,22,23,24.

Txoperena I eta Mitxelenak, Txoperena III eta Txoperena IV 30 eta 24 garraitu dituzte.

Ikusten duzuen bezala, borroka zaila, bainan azkenean zaharrak gaina hartu eta, ederki bukatu.