XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ANTZIÑAKO EUSKALDUNAK MONOTEISTAK EDO POLITEISTAK AL ZIRAN?

Guzieri atsegingo litzaiguke jakitea gure arbasoak izan zuten erligioa.Kristianismoa Euskalerrian sartu zanean zein sinismen zuten euskaldunak?

Ara galdera zalla benetan.

Izan ere, garai berririk gutxi dugu.

Antziñako erriak edo primitivoak Jaino bakarraren idea izan zutela garbi ageri da.

Schmidt W.'k bederatzi volumenetan egi ori zugur-zalantza guziak kentzeko moduan probatu du (1).

Kûhn Herbert ere, Prehistoriko-artean Mainz'ko universidadearen irakaslea, irizpide ortara etorri da.

Batez ere illobiak eta itzuloak azterturik, kondaira-aurreko gizonak monoteistak zirala dio:

Arte idorokundeak eta ethnologiak erakusten digute, pensaeraren asieran gizonak Jainko bakarra sinisten zutela.

Ari egiten zizkioten eskeintzak. Ura da semeak ugaritzen dituana, gizona bizi dedin abereak bialtzen dituana (2).

Euskaldunak, berriz, kristianismoa beren lurraldetara etorri arte eta geroago ere oso primitiboak ziran.

Izkuntzatik esi eta oituretik jarraituaz ikusten dugu, beren bizimodua oso gutxi aldatu zala gizaldien zear.

Ori orrela izanik, probilidadez baieztu dezakegu, Euskaldunak Jainko bakarra sinisten zutela.

Bere primitibismoan Jainko bakarren idea galdu gabe gorde zutela, alegia.

Beste aldetik ere argi pizka bat atera dezakegu, gure auzi ontan probabilidade geiago irixteko.

Euskaldunak politeistak al ziran? Asteko, oroi ditzagun jakingarri batzuk.

Nola sortu zan politeismoa?

Antziñako gizonak arriturik ikusten zitun gizadiaren indarrak, ekaitzak, itsasoak, ibaiak, tximistak, sua, e.a.

Oien aurka laguntzik gabe ikusten zun bere burua.

Orrenbeste kalte edo mesede ekarri al zuten indar oek ez al zuten ba bere personalidade bereizia?

Ori galdetu bear omen zien beren burueri izadi menpeko gizon aiek.

Eta orrela asi ziran izadiko gauzetan adimen eta naimendun izakiak ikusten eta aien onginaia adorazioa eta eskeintzen bitartez iritxi nairik.

Eta beaiek gizakiak ziranez, ots, gizaeran pensatzen zutenez, indar-persona oietan ar edo eme kualidadeak ikusten asi ziran.

Greko eta romanoentzat, adibidez, eguzkiak gizontasuna eta kemena adierazten zitun.

Illargiak, berriz, emetasuna.

Romarika-izkuntzak mintzatzen diranak ere adierazkizun ori jaso dute.

Orregaitik ikusten ditugu romantikoak illargiari bertsoak jalkitzen, andregai kutunari bezela.

Gogoratu Becker'en romantiko-ipuia: El rayo de luna.

Alemanak, ostera, beste erara ikusi oi zuten bai eguzkia bai illargia.

Alemanentzat eguzkia izaki maitagarri bat da.

Lanuz eta otzez okitutako Iparraldeko egun luzeetan, eguzkiak gure izate osoa goxatzen du.

Bere argi-izpiz, amodiozko eskukin bezela, emeki gure arpegiak ikutzen ditu.

Alemanentzat eguzkia die Sonne da, emakume antza du.

Illargiak ostera, ez du aientzat Itxaserdiko errientzat duan siñifikazioa.

Udaroko eguzki galdatan egon ezkero, illargia zan romanoentzat atsegiña emanez, beaiekin gaba pasatzera zetorren ametsetako neskatxa.

Alemanentzat berriz, otza, seriotasuna, arpegi legorra baizik etzien erakusten.

Orregaitik zan aientzat der Mond.

Romanoentzat lorak emakumearen lilluragarriak gordetzen ditu.

Orrelako izaki ederrak, usai onez gantzututa eta margo apaingarriz jantzitako izaki oiek, ezpairik gabe, eme-kutsua izan bear zuten, nunbait.

Orrela jarraitu gindezke beste konparazio batzuk egiten.

Erri bakoitzak du bere era partikularra izadiko izakiak personifikatzeko.

Eta personifikazio orrek berarekin zeraman, gizaldien zear.jainko-ugaritzea.Izakiak eta indarrak, astiro jainko-kategoria artzen zuten.

Zeatzago jakiteko mitologia irakurtzea aski dugu.

Euskaldunak ere personifikazio estadio ortara iritxi al ziran? Ziurki eztakigu.

Baña izkuntzari so egiñik, ezetz susmatu dezakegu.

Jakintsuak diotenez antziñako errientzat, antropomorfismoa sartu arte, bizigabeko izakiak ez omen zuten generorik.

Baña geroago antropomorfismoa sartu zanean, orduan asi omen ziran gauzeri generoak ematen, goiko lerroetan esan dugun bezela.

Ordu arte eguzkia, esate baterako, etzan ez emakume ezta gizakume ere.

Zer dala ta eztu euskerak gauzetarako genus-diferenzi oiek?

Ez al du orrek esan nai euskaldunak antropomorfismo etapa ortara etzirala eldu?

Euskaldunentzat atzo eta gaur, eguzkia, illargia, loreak, izarrak... ez dira ez ar ez eme.

Antropomorfismo urratsik ez dugu ikusten.

Orregaitik bada, auzi ontan, filologoak dute azkenitza.

Oiek esan bear dute, historiari begiraturik, faktum ontatik atera ditezken ondorioak.

Baña arrigarria litzake, arbasoak jainkokeri oietan jardun baldin baziran, guregana aztarranik ez etortzea.

Beste aldetik diotenez, auskalduneri, kristianismoa beregantzeko egi batek traba aundia egiten ziela; Jainkoagan iru persona izateak, alegia.

Egi ori euskaldunen biotzetan sartzeko, beiñola gure errietan iru dorreko elizak egiten omen ziran.

Orrelakoak oraindikan baditugu gure artean.

Zer dala ta oztopo ori Jainko-irupersonetan sinisteko? Nunbait euskaldunak Jaun-goiko, Jainko edota Urzia'ren bakar izatasunean sinisten zutenez, iru Jaunen egi ori ulergaitza zitzaien.

Lerro auetan hipotesis batzuk jartzea baizik ez dut nai.

Tirol aldeko Alpes-mendien zear, euskal-abestiak kantatzen pasiatzen naizenean, orrelako elukubrazioak ausnartzea aski atsegiten zait.

GOMIGA