XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IPUIÑAK

Buztintza'tar Errose'k eginda, ta Kerexeta'tar Jaime'ren ardurapean argitaratuta

Oarra. - Buztintza'tar Errose anderaiñoa, Kirikiño euskal-idazle ospetsu izan zanaren loiba, Maiñari'n (Bizkaia'n) jaio zan 1899'garren urtean, eta bertan il be 1953'garrenean.

Idazle biotz-samur eta eztitsua gure Errose! IPUIN sorta atsegingarria itzi euskun idatzita, Maiñari-inguruetan erriari artutako Ipuiñak.

Bere eriotzaren amargarren urtebetetzea dala-ta, aren IPUIN guztiak Jesus'en Biotzaren Deya aldizkari onetan argitaratzea erabagi dogu, aren idazlan txalogarria Bizkai-erriari jakiñerazoteko asmoz.

KEREXETA

DIMA'KO PEDRO DEUNA

Pedro deunaren aurreguna zan.

Egun aretan, Dima'ko elizan, bertako neskatilla sasoiko batzuek euren erri-zaindari andiaren altarea apaintzen ziarduen.

Neskatillak, Pedro deunaren irudia loraz eta adarrez iñoiz baiño dotoreago apaindu bear ebela-ta, pozik eta urduri ebizan.

Ango lorak eta argiak azkenik ez eben.

Ikusgarri be ikusgarri jarri bear eben.

- Oi!, biar erriko ikaratuta geldituko dira, elizea onen txukun eta dotore ikusita esan eban Mainton neskeak.

- Olantxe izan be erantzun eutsan Maipatxu'k.

Sekula baino dotoreago agertuko da gure santu maitea.

Ta beronegandik lortu bear doguzanak! Il naitenean, zeruko atea edegiko daustan ustea ba-dot, beintzat.

- Nik, ostera esan eban Andonetxu'k, Oba'ko Illipan mutillak biar amarretako meza-ostean egingo daben Aurreskua neuri eskiñi daistela eskatzen dautsat.

Ai!, ori lortuko ba'neu...!

Iru gazteak, olako barriketakaz pozik ebizan artean, Pedro deunaren irudia, neskatillen eskuetan laprast eginda, altaratik beera jausi zan; dana zatituta gelditu zan.

Neskak, euren erri-zaindari andiaren irudi ederra apurtuta ikustean, negarrez ta zarataka asi ziran.

Eta arein zaratetara eliz-zaiña (sakristaua) beingoan elizaratu zan.

Eta arpegi illunaz esan eutsen:

- Zenteillea! Zer jaso da emen?

Neska arraiook, orra zuek egin dozuena!

Orrenbeste barriketaz santuari be gogait eragin dautsazue-ta!

Oraintxe gagoz onak santu bagarik... Biar erri onetara etorri daitezanak, zer esango ete-dabe? Ene...!

Berba larri oneik amaitzeaz batera, Maiñari'ko Atximo zapataria sartu zan eliza aretan; eta ango zoritxarra ikusi ebanean, errukitu egin zan; eta erriko jaia igaro arte, santuaren soiñekoakaz jantzi ta Pedro deunaren lekuan, altaran, bera jarriko zala, esan eutsen neskai ta sakristauari.

Bereala ba, Atximo zapatariari Santuaren jantziak jarri, ta, itxurea aldatzearren, arpegia ta eskuak ezti ziriñez igurtzi eutsoezan.

Eta altarearen erdian ipiñita, lora politez ta argi ederrez apaindu eben.

Guztia ixillean egin ebenarren, sakristauaren semeak, ortik edo emendik, jazoriakoaren lurruna laster artu eben.

Biaramonean, elizea lagunez beterik zala, amarretako Meza nagusia asi zan.

Eta meza-bitartean, abade jaunak, Santuari buruzko berbaldian, olantxe iñoan: San Pedro santu aundia! Gure errizaindari maite ta miragarria! Zeruko atezain bizkor eta arduratsua..., ta abar.

Abadeak onetan ziarduan artean, sakristauaren semeak, altaran santuaren antzaz aurkitzen zan zapatariari, erle pilloa jaurti eutsoen arpegi-ingurura; eta erleak, zapatariaren eztiz betetako arpegian eztenak errime sartzen asi ziran.

Orduan, Atximo berealaxe zutundu zan, eta deadar andiz dimatarrok, or konpon!; ni ba-noa ta kitu esanez, altaratik beera salto andi bat eginda, elizatik ariñeketan urten zan.

Jazokun oneaz, dimatar zintzoak ikaraz jarri ziran: Pedro deunak errian jente txarra egoalako egin ebala alde, uste izan eben geienak-eta.

Abadeak, barriz, ango larrialdi ta estutasuna ikusi ebanean, berbalditxo baten bidez, arrentza edo errogatiba bat egiñaz, santuaren billa joatea ondo izan zeiketela adierazo eutsen.

Eliztarrak abadearen asmo onari ederto eretxi eutsoen eta lagun guztiak batera Letaiñiak abesten urten ziran.

Abadearen etxe-ondora eldu ziranean, abadeak, bere ortuko baba-lasto artean zapataria gordeta egoala ikusi eban.

Eta abesteko eran, abots itzelez, esan eban: Emen dok onen baten; eta erriak be, era bardiñean, erantzun eutsan: Babatzaren baten.

Berba oneik entzutean, Atximo larritu egin zan, eta bere kolkorako oraintxe galdua nok esanda, Oba'rantz abiau zan; eta andik tximista baizen arin Maiñari'ratu.

Ganeko egunetan, zapatari entzutetsuak ango auzokoai auxe esaten eutsen: Dimatarren artean bein larri, baiña geiagotan ez.

Eta aren anka-azurrak egundo geiago Dima'ko errian ez ziran sartu.

Dimatarrak, barriz andik ille batzuen buruan, Pedro deunaren irudi barri eder-eder bat ekarri eben.

Eta santua goratzeko, jai aundiak ospatu ebezan.