XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PRAKA GORRIAK

Zubek gomutetan eztozuben bariku arratsalde baten, Mikel-Anton, Mañariko Gereta deritxon basetxeko etxagun zarra, aizkora zorrotz bat eskuan ebala, basorantza juateko asmoan jarri zan.

Arratsalde aretako eguraldia otza ta illuna zan; aitz-mendiak lañoz ondo estalduta zirala, euria zaparrada andiz jausten zan.

Olan bere, gure gizonak atzerarik ez eban egiten, bein bidean jarri ezkero aurrera egin bear zala-ta.

Euria goyan-beyan zala bideak igaroten ikusita, bere emazteak esan eutson:

- Gizona...! Eguraldi onegaz nora zoaz?

- Untzillaitz-aldera, egurretan... - erantzun eutson itz gitxitan.

- Gaurko eguraldiagaz egurretan! - esan eutson andreak ikeratuta.

- Etzaitez juan gaur... orretarako eguraldi txarra be badago ta.

- Barikua danez barriz, ekatxagaz batean bestaldeko mutikoak or-orrenbaten urduri ibilliko dira ta...

Senarrak baña, emaztearen esanari entzun da gor eginda, bidean barriro be aurrera egin eban, atsuen esanak zietz egitea gauza zalla zala ta.

San Martin'go artzulora eldu zaneko baña, trumoi-ots ikeragarriagaz batera ekaitz bildurgarria sortu zan; ango oñaztu ta ango trumoiak eta ango euria ta txingor jausteak andiak ziran.

Orrenbestegaz Geretako etxaguna ikeratu zan; eta ekaitz andiaren erpeetatik iges egiteko, bertan egoan labarpe batera juan zan.

Aitz-mendi guztiak ganera joakozala begitandu jakon.

Onetan, San Martin ermitako artzulotik urten ziran zarata batzuk, Mikel Anton bertara begira imiñi eben.

Alako zarata ta zarraparrarik, bere belarriak egundo ezeben entzun.

- Onako zaratarik eta garrazirik, egundo etxoat entzun, iñoan.

Zer ete jagok bertan? Egingo neukek... bestaldeko mutikoak dagozala bertan... Onako demoniñoik...!

Gure gizona olako autuetan ebillan ortean, oñaztu andi baten argitan, artzulotik, zortzi mutil, zortzirak dantzari antzian arrapalada baten urten ziran.

Mutillak, euren gorputzak arkondara baltzakaz ta praka gorriakaz estalduten ebezan.

Eta eurakaz batean, beste prakagorri bat turuta-soñu bat eskuan ebala arinka baten agertu zan.

Orduan zortzi praka-gorriak turutapotsean, iñun ziran dantzak egiten asi ziran.

Aren jira-birak eta aren saltuak ikusita, Geretako gizona ezetarako be adorerik barik geratu zan.

Oi, nik andrearen esana egin baneu...! tamalez esaten eban.

Eta ikuskizun bildurgarria begi-aurretik kenduteko, eskumako eskuagaz Aitearen egin eban.

Beste barik, Prakagorriak geratu egin ziran.

Eta, euretariko batek, asarre bitsetan juanda, Mikel Antoneri Aitearen egin eban besoa zugatz batera lotu eutson.

Ori eginda, barrien barri dantzak egiten asi ziran; barriro be gure gizonak, beste eskuagaz Aitearen egin eban.

Eta orduan be praka-gorriak beste eskua lotu eutson.Irugarrenez dantzan asi ziranean barriz, ujujuka ta didarka pozarren ibilli ziran, labarpeko gizonak Aitearen barriro ezingo ebala egin eta.

Geretako gizonak baña, Aitearen ezin ebala egin ikusi ebanean, Jesus izen deun deuna gogo beroz didar egin eban.

Eta orduban jaso zan andiena.

Praka-gorriak , Jesus izena entzuteagaz batean, jolas eta dantza guztiak alde batera itxita, arrapalada baten artzulorantza abiau ziran.

Bidean, laugiñean joyazala esaten eben:

- Orrexek Geretako gizon zirtzillak jaukek errue... Orrek apurtu jozak gure dantzak eta jolasak... eta orrek kendu dauskuk umoria...

Ta, ori esanda beste barik, praka-gorri guztiak asarre bitsetan, ke moltso sendo baltzak atzean izten ebezala, amorruz beterik artzuloratu ziran.

Mikel Anton zintzoa ostera, praka-gorriak amorruz ikusi ebazanean, barre-santzoka asita, etxerantzakoan jarri san.

Eta gabian etxera eldu zanian, ikusirikuaren barri andriari zietz da mietz emonda gero, arretaz esaten ekin eban:

- Nozipein izanda be, andren esana egitekoa da... Sorgin eta lamiña kontuetan atsuak dozak nagusi bai...

Praka-gorri arek txerrenak edo diabruak izan ei ziran.

Mañariko