XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gabriella Fiorik ohartarazi duen bezala: inpregnazioa instalatzen da; izan ere, hiru nozio sanskritok leku natural bat aurkitzen dute haren hausnarketetan: atman, printzipio izpiritual indibiduala; dharma, legea, eginbeharra; guna, naturaren kualitate osagarria. Une horretatik aurrera, ez du itzultzen. Azpimarratu, itaundu, alderatu egiten du bere Cahiersetan jarraitzen duen elkarrizketarekin.

Urte gutxi batzuk beranduago, Raimon Panikkar, Filosofia, Zientziak eta Teologian doktorea, Indiako Mysore eta Varanasi-ko unibertsitateetara abiatu zen. Haren asmoa zen perspektiba zabal bat garatu ahal izatea, hartara filosofia terminoa marka dezaketen antzekotasun eta dibergentzien inguruan gogoeta egiteko, nola mendebal perspektiba tradizionaletik, hala kultura sanskrito klasikoak bultzatutako gauzen izaeran buruzko hausnarketa unibertsaletik abiatuta.

Panikkarrek kulturen arteko topaketa sustatu nahi du, eta ohartarazi egiten du bietatik bat bestea baino garaiagoa dela usteak dakarren arriskuaz, hori guztia munduaren gure pertzepzioa argituko duen interkulturalitate bat lantzearren:

Ekialdea eta Mendebaldea izango dira gure sinboloak. Ezin dira identifikatu, ez dira existitzen bata bestea gabe. Haien harremana ez-dualista da, advaita. Ekialdea eta Mendebaldea ez dira bi kategoria ez geografiko (lurra biribila da), ez historiko (Ekialdearen patu historikoa Mendebaldean jokatzen da), ez kultural (zakurrak oinutsik nonahi: sineskeriak, logikak, mistizismoak...); bi kategoria sozio-antropologiko dira areago. Gizaki eta gizarte ororengan badaude ekialde bat jatorri bat, goiz argi bat, eta mendebalde bat ilunabar bat, arrats argi bat.

Ikuspuntu erabat desberdin batetik. Columbia Unibertsitateko Edward W. Said profesore palestinarrak orientalismoa aztertu du kultur optika batetik, zeinean identitate terminoak Ekialdeak mendebal esperientzian okupatzen duen lekua kuestionatzen duen dimentsio antropologiko, sozial eta politiko bat hartzen duen.

Lehen mundu gerra arte Ekialdea europarren mende egon bazen ere nagusiki inperialismo ingeles eta frantziarrarengatik, bigarren mundu gerratik aurrera hegemonia Estatu Batuen eskuetan geratu zen. Horregatik, Saidek orientalismoa aztertzen du mendebal kulturan erbeste iraunkorrean bizi den palestinar baten perspektibatik, baina menderatzaileek inposatzen dituzten interes politikoei begirik kendu gabe.

Saidek erabilitako buruargitasun eta zorroztasuna gorabehera, haren adierazpenek eztabaida franko piztu dituzte klase intelektual anglosaxoiaren baitan, eta agerian utzi dute errealitatean Ekialdea ez dela existitzen, baizik eta orientalismo hitza beste desberdin hori ikusi eta aztertzen duen mendebal begirada batek definitzen duela benetan.

Egungo egoeran sartzeko, Saidek joan den mende amaierako europar kulturak bultzatu zuen arte produkzio orientalista eskergara jotzen du, Europari balio ziolako bere identitatea kolonietan sendotzeko, hala nola Argelian Frantziarentzat eta Indian Britainia Handiaren kasuan.

Hona haren hitzak: Ekialdea exotikotasun, emetasun eta misterioaren sinbolo bilakatu zen, sakontasunaren eta seminaltasunaren sinbolo dozenaka eta dozenaka sortzaileren obretan, haien artean Goethe, Victor Hugo, Lamartine, Nerval, Disraeli, Delacroix, Flaubert, Friedrich Schlegel. Ekialdea eta ekialdekotasuna are gehiago orientalizatuz, amildegi sakon bat ireki zen Mendebaldeko eta Ekialdeko ustezko kultur nortasunen artean, eta aldi berean sendotu egin zen kultur nortasun propioaren kontzientzia, haren esentzia erauziz halako neurrian, non Ekialdea, eta harekin batera haren despotismo, sentsualitate eta emankortasun miresgarria, Beste nagusi bihurtu baitzituen.