XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beat erreferentziaz blaitutako urte haiek egiazkotasun bilaketak, ideal bakezaleek eta hippie mugimenduak bultzatutako Ekialdearen aurkikuntza berriak markatu zituzten, eta horrek guztiak musikan aurkituko zuen adierazpiderik onena eta jendearen artean harrera ona izateko aukera bikaina.

Allen Ginsberg, Jack Kerouac, Gary Snyder eta Allan Wattsek budismoaren erakarpena sentitu zuten, eta bai haien esperientzia pertsonala bai haien idazkiak nahitaezko erreferentzia bilakatu ziren garai hartako belaunaldi berrientzat.

1975ean, Allan Wattsi galdetu ziotenean ea zer motibu zeuzkan budismoaz interesatzeko, erantzuten zuen berarentzat senaren bulkadetatik askatzeko eta orainera erabat zabaltzeko metodo bat zela; eta iragarpen bat bota zuen, zeina parte batean bederen egiaztatu egin duten geroztik pasatako hogeitik gora urteek: 2000 urte inguruan, Estatu Batuak herrialde nolabait budista izatera irits liteke. Japonia, Txina eta India, aldiz, amerikanizatuta egongo dira (...) Ekialdeko morroiak negoziogizonez jantziko dira, saltxitxak jango dituzte eta autopistetan zehar ibiliko dira. Garai hori iristen denerako, Amerika asetuta egongo da eta ilusioak galdutako zenbait lama Tibetetik etorriko dira budismoa Chicagoko Unibertsitatean ikastera.

Beraz, beat mugimenduaz Ekialdeko erlijioetan sakontzeko desira adierazten zen, bereziki Zen budismoan. Black Mountain College izenekoa horren gune garrantzitsuenetako bat izan zen, eta bertan lJohn Cage bezalako jende ospetsua printzipio honetan interesatu ziren, irakaspen haien araberako proposamen artistikoak garatzeko asmoz.

College haren une garrantzitsuena berrogeitamarren hamarkadaren erdialdean izan bazen ere, haren eragina hurrengo bi hamarkadetan luzatu zen, eta Ekialdeko gauzei buruzko interesarekin batera jarrera antikolonizatzaile bat garatu zen, XX. mendearen lehen hamarkaden ezaugarri izan ziren jarrerak arbuiatuz.

Mendebal kulturak budismoa eta meditazioa, hippie mugimenduak markatutako janzteko modua, medikuntza alternatiboak etab. bere egin zituen, kontrakultura esango zitzaion mugimenduaren esparruan. Euforia, bizitasun eta aldaketako etapa hura zapuztu egin zuten gertakari politiko oso erabakigarriek, hala nola Salvador Allenderen heriotza 1973an.

1976an, Alberto Corazón eta Pedro Semperek La década prodigiosa liburua argitaratu zuten; bertan testuek, ilustrazioek eta diseinuak urte haietako izpiritua biltzen zuten:

60en hamarkada haustura eta saio iraultzaile urteak izan ziren. Aldaketa gauza iraunkor bihurtu zuen. 70en hamarkada asimilazio eta ametsik gabeko errealitateen urteak izan ziren. Kontrakultura eta eguneroko iraultzaren izpiritu asaldatzailea integratuak edo zapalduak izan ziren. Ez zen gehiago toleratu ez larba egoerarik ez kontestazioaren potentzialtasunik. Dezepzioaren kontzientzia sortu zen.

Eta testuinguru horretan Ekialdearekiko interesak bulkada berria hartuko zuen, bereizi ezin zitekeena bidaiaren esperientziatik, kultura eta geografia berriak aurkitzeko desiratik, izpiritualitatean eta naturarekin lotura estua dakarten bizimoduetan babes hartzeko nahitik, eta mundu politikaren errefusetik, nola bigarren mundu gerrak hala Vietnameko gerrak gizartean utzitako ondorioak ikusi eta gero.

Egoera hartan, Theodore Roszak, Allan Watts eta Herbert Marcuse mugimendu kontrakulturala elikatuko zuten pentsalari eztabaidaezinak bilakatu ziren.

Espainiako testuinguruari dagokionez, Alberto Corazón edo Pedro Sempereren aipatutako liburua edo Luis Antonio de Villenak 1975ean argitaratutakoa bezalakoek azpimarratu egiten dute kultur egoera berria aztertzeko desira, eta nahiz autore oso gazte batzuen inozotasun tipikoa islatu, oso ongi ilustratzen dituzte garai hartako desirak eta interesak.