XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
BI - Txapelagatik odola eta bizia eman dugunok, pertsekuzio, gartzela eta zapalkuntza ezagutu eta jasan dugunok badakigu bai, zer den hura maitatzea, harengan sinestea.
Eta oraingo bide honek galbidera garamatza, atzerakada etengabean goaz, eta egoera hau irauli beharra dago, Txapela biziko bada eta horretarako borondatea eta kemena falta ez bazaizkigu.
Urte asko daramagu burrukan eta ez dute inoiz Txapela makurrerazi; ez gaitezen gu izan seme-alaben negar eta lotsarako bide eta zio.
Bai herkideok, Txapela arriskupean dago gaur egun, hiltzorian esango nuke, orain artean bere burua haren jabetzat euki dutenen ajolagabekeria dela medio.
Traizioa, hauxe da hitz egokia, traizio zitala, traizio eta saldukeria merkea!
Txapelaren itzalpean lasai asko egon dira lotan otsoek geurea lapurtzen, ardiak sarraskitzen zizkiguten bitartean.
Hori artzaiaren azkarra!
Baina geu gatoz zuek esnaraztea, erne egon, elkar ditzagun besoak eta indarrak.
Abia gaitezen burrukara arbasoek egin izan zuten bezalaxe, Historiak juzkatuko gaituelako eta etorkizunak eskertuko; Txapela guztiona delako, Txapela gurea da!
HIRU - Gure ameskaiztoetako herri honetan dogmakeria gehiegi eta arrazionalizatze gutxiegi dugu.
Konturatu beharra dugu Txapelarekiko erlazio edipiko superatugabea jasaten ari garela, eta sublimazio bidez gainditu nahi izaten dugu egoera hori, baina sublimazio jarrera irrazional hauek itsu-itsuan amildegira garamatzate.
Ez bait da horren garrantzizkoa Txapela bai Txapela ez esaka aritzea.
Guk ere maite dugu Txapela baina kontziente izan behar dugu badela besterik ere munduan barrena; (...).