XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

E- Ez zait asko gustatzen gauzak disjuntibaz planteiatzea.

Bata eta bestea erantzun nahiago izaten dut, bata ala bestea aukeratu baino.

Zera uste dut multi-mediei buruz: eskuartean ditugula baliabide horiek eta horietako bakoitzak ematen dituen aukerez baliatu behar dela, bata ala bestea hobesten ibili gabe.

Nirekiko, ikasteak du lehentasuna, eta ikastea errazten duen neurrian dago justifikatua irakasteko modua.

Ez dezagun ahantz irakatsi ez baina ikastea erraztu besterik ez dugula egiten.

Aurrerapen handiak egin dira, ene ustez, ikaskuntza informalaren alorrean.

Orientazio estrukturala utzi eta komunikatibo aldera jo dugu eta, oso oker ez baldin banago, eginez ikastea da jokaera horren aldekoen ustez kuestioa eta ez progresio moldatutako eta egitura batzu ondo menderatzean uste osoa izatea.

Batzutan irakaslea bera ere oztopobide gertatzen da ikaskuntzan.

Irakaslea ubide (beteegia) bilaka daiteke.

Nire bitartez bakarrik ikasiko dik uste badu, oztopo izango da ikaslearentzat, eta sistema formal askotan gerta daiteke horrelakorik.

Esate baterako, ikasle guztiek ondo erantzun arte galdera bera egiten aritzen denean.

Nire ustez, malgutasunik ahalik eta handiena behar da.

Irakasleak ikaslearen baitako indarrak suspertu eta gidatu egin behar ditu eta ez zorrozki kontrolatu.

Gaurregun ez dugu uste kaltegarri denik ikasleak hutsuneak eta akatsak egitea eta bere horretan, irakasleak zuzendu gabe, uztea.

Oro har, sistema komunikatiboen ikuspegitik, hutsegite askok ez du inolako garrantzirik.

Ez dute prozesuan eraginik, eta horrelakoetan ez du merezi justutasun handiegia lortu nahian denbora galtzen ibiltzeak.

Justutasun horrek, askotan ohi den bezala ulertzen bada behinik behin, esan nahi du gauza gutxi batzu ondo egiteko gauza izango dela jendea.

Hobe da gauza gehiago egiteko gauza izatea, hain ongi egiteko ez izanik ere.

Baina ez da erraza hori irakasleen buruan sartzen.

Izan ere, hutsuneak eta akatsak zuzentzen ez badituzte, zer egin behar dute?.

Irakasleek zinetan egin dezaketena da komunikazio-egoerak sortu eta beren ikasleak, bestela gutxitan edukitzeko parada izango duten egoera horietara bultzatu.

Horixe da sistema informal egituratua eta, nire ustez, honen garrantzia azpimarratzen ari gara errepika-ariketena baino gehiago.

Jakina, hau ez da zer den merkeago, irakasleak prestatzea ala multi-mediazko ikastaroak sortzea galderari erantzuna ematea.

Horrelakoetan bata zein bestea egin beharko lirateke.

Mediek irakasleak lortuko ez dituen gauzak lor ditzakete.

Berezko hiztunen egoerak eta errealitatea eraman dezakete ikasgelara.

Baina, begi bistakoa denez, ezingo dute irakasle on baten sormena edo ikasleen arazoak diagnostikatu eta zailtasunak gainditzen laguntzeko duen trebetasuna ordezkatu.

Bi gauzok batean ikusi nahi nituzke.

Eta irakasleak prestatu behar dira mediak beren laneko lagungarritzat har ditzaten eta ez berekin lehian dagoen zerbaitzat.

Dena den, bata ala bestea derrigorrean aukeratu behar baldin banu, nik gizakia prestatzeari emango nioke lehentasuna.

Baina ez nuke erraz onartuko bien artean aukeratu beharra...

G- Irakasleari dagokionez, filosofia berri batekin eta eskari berri batzuri erantzuki, proiektu berriren batzu eginak dituzue.

Irakasleen gain dago guzti hori praktikara eramatea eta hauek, gogorik handienaz arituta ere, izango dute beren lanean aski zailtasun.

Zer diozu hizkuntz irakasleen prestakuntzari buruz? Zer proiektu ditu alor horretan Europako Kontseiluak?.