XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Denei iruditu zaie aldaketak egin behar direla, ideia edo esperientzia berriak sartu edo zerbait kendu, eskuartekoak eta denbora kontuan hartuz.

Hizkuntza baten barruan helburu desberdinak aurki daitezkeenez gero, ez da txarra beharrak zehatz eta mehatz, jendeak baliatzeko moduan deskribatzea.

G- Proiektu horiek guztiak helduaren beharren inguruan mamitzen dira.

Nork mugatu behar ditu behar horiek? Ba al du horretan eskurik ikasleak?.

E- Guk gero eta garrantzi handiagoa ematen diogu negoziaketari.

Irakasleak ez dizkio ikasleari helburuak ezarri behar.

Marko bat aurkitu beharko du ikasleek aintzakotzat hartuko dutena eta mesederik handiena egingo diena.

Hasiera batean ikasleak, nahiz eta heldua izan, ez daki argi eta garbi zer ikasi behar edo nahi duen.

Hizkuntza ikasteko gogoa edo beharra du; besterik ez.

Askotan ilusioa galdu ere egin dezake, eskuarteko baliabideekin zeinen gutxi lortzen duen ikustean.

Helburu handi eta zehaztu gabeak baditu, motibazioa ere moteldu egingo zaio eta amore emango du guztia azkar ezin lortu duela ikusiz.

Formulazio esplizitoen balioa irakasleari lanerako eta eztabaidarako gai eta tresna zehatzak ematean datza.

Gure ustez, hauxe izango litzateke irakaslearen egin beharretako bat: ikasleak egon daitezela beren beharren jakinaren gainean eta izan daitezela beharrok formulatzeko gauza.

Bestalde, ikaslearen irudimena suspertu ere egin behar dute biziko dituzten egoerak ahalik eta gehien kontuan eduki ditzaten; batetik, aldez aurretik pentsatutako egoeratan erraz eta eroso komunikatzeko gauza izan daitezen, eta bestetik, berriz, ustegabeko egoeretan ere, ohizkoetarako prestatuaz baliatuz, egoki molda daitezen.

Lanean arituko direnek mugatu behar dituzte beharrak.

Ez dugu uste proiektu zabalen poderioz beharrak aurki daitezkeenik.

Beharrak ez dira higikaitzak; eta, ondorioz, aldatu egiten dira.

Ikerketarik handienek ere ez dute egoera jakinetarako emaitza fidagarririk eskaintzen.

Gustatuko litzaiguke beharren ezagupena ikasle-irakasleek elkarrekin komunikatu ahala nola sakontzen den baieztatzea.

Irakasleak badu irakaskuntzara eraman dezakeen eskarmentua eta esan dezake zerk balio duen eta zerk ez.

Atalase horiek zerrendatu dituzten espezifikazioek negoziazio zehatza egiteko bidea ematen dute.

Eta horrela saihes daiteke erretolika hutsean gelditzeko arriskua.

C- Baina horrenbesteko aldea al dago haurraren eta helduaren artean?.

E- Oro har, egoera jakin batean haurrak eta helduak gauza berdintsuak egin beharko dituzte.

Hala ere, xedeak, interesak eta bizimodua desberdinak dira; eta, batez ere, heldua hezkuntz sistemara itzultzen denan, hizkuntzarekin zerbait egiteko gauza izan nahi duelako izaten da.

Epe motzeko beharrak ditu.

Haurrak ez daki bizitzak zer ekarriko dion; eta, ondorioz, epe luzeko helburuak ditu.

Irakasleari dagokio haurrari ikaskuntza atsegin eta arrakastatsua, geroko bizitzako eskakizunei sortu ahala erantzuteko gaituko duena eskaintzea.

Eskakizun hauei konfidantzaz, behar hainbateko ezagutzez eta trebetasunez erantzuteko prestatu beharko luke haurra eskolako jardunak eta ez hizkuntzak ikasterazi berarekin ezer ikustekorik ez balute bezala.

G- Helduen arteko beharrak hain desberdinak badira, talde homogeneoak egokiak al dira hizkuntz irakaskuntzan?.

E- Ez. Egia esan, ez da talde homogeneorik.

Denak dira askotarikoak, (...).