XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

baztan. INAUTEAK

Iñauteria buruz aunitz mintzatu izan da eta bolai hontan aunitz idatzi ere.

Lehenagoko iñauteriaz badago asko idatzirik, dudarik gabe aintziñako denboretan iñauteak garrantzi haundia zaukaten eta jendeak orai bezala josteta maite zuen.

Gaurko egunean iñauteri hoiek asko ttipitu dira eta gure eskualdean, Lantzkoak, Zubietakoak eta Iturengoak bakarrik dira indar haundiarekin irauten dituztenak eta badirudi jendeen artean arrakasta haundia daukatela.

MIEL OTXIN alde batetik eta ZANPANTZARRAK beren gare edo pulunpa haundiekin bertzetik, iñaute hoien fama Euskal-Herri guzian barreiatua dago.

Baztan alde hontan gaurko egunean iñauteak ez dira oroitzapen bat bertzerik nahiz eta oraindik ere zerbait egiten den itxura gabekoak baldin badira ere.

Nere adiskide zahar zenbaitzuk erraten dautatanez, aspaldiko denboretan eta orai dela 60 urte ere Baztanen iñauteak ongi ospatzen omen ziren.

San Anton egunetik hasten omen ziren mozorroak eta igandero ateratzen omen ziren karrikara eta hola iñauteak artio.

Iñaute aintzineko hiru ortzegunek bazituzten beren izenak: GIZEKUNDE egun hontan gizonen besta zelakotz.

EMAKUNDE, andreen eguna eta ORAKUNDE, aurren bestaren eguna.

Bi lehenbiziko ortzegun hoien ohitura aspaldion galdua da, behar bada mende hontan sortu garen guziek ez dute bi ortzegun hoien ohitura ezagutu izanen.

Baina Orakunde egunak oraindikan irauten du, behar bada ohiturak piska bat aldatuak izanen dira baina aurren besta horrek oraindik badu indarra eta Baztango herri guzietan ospatzen da, Orakunde egun hontan aurrek ederki jostatzen direlarik.

Goizean Meza, gero karriketan barna eta txistulariekin etxez etxe puskak biltzen, gero aur guziak bildurik bazkari on bat egiteko.

Arratsaldean oillar besta, jostetak eta dantza.

Arizkungo herrian egun horri EGUN TTUN TTUN deitzen diote eta herri hontan aurrek beren soiñuekin karriketan eta etxez etxe ibiltzen direlarik kanta zahar batzuk agertzen dituzte.

Hona hemen kantatzen dituzten kopla zaharrak.

Egun ttun ttun
bihar ttun ttun
etzi geren ttunttuna
etxe huntan arnoa bada
guk ez yakin zenbana
.
Zenbana yakiteko
degun ttanttatto bana
bizarraren egiteko zingar puska bat
harekin yateko ogi bazterko bat
.

Gero bertze bi kanta ere agertzen dituzte Orakunde egun hontan nahiz eta hoietako bat behinik behin Baztango zenbait herritan Urte Berri egunean kantatzen den.

Aingeruak gara
Zerutik eldu gara
boltsa badugu
dirurikan ez
Urtetx! Urtetx!
.
Egun egun ona bihar bazkoa
etzi ezkontzen da gure atsoa
zaigorri batekin dantzari ona.
Urtetx! Urtetx!
.

Gero urrengo igandean Iñauteak hiru egunekin.

Igandea, Astelena eta Asteartea.

Oraiko iñaute hauek alde batera utzirik, aipa ditzagun orai 60 urtekoak nere lagun zahar batek hoien xehetasunak emanik.

Aspaldiko denbora haietan Baztango herri guzietan baziren txistulariak, gure dantza jatorrak bazuten indarra eta aintziñako denboretako ohiturari jarraikiz Iñauteak ongi moldatzen zituzten, herriko festetan bezala DANBOLIN-NAUSI eta DANBOLIN-ETXEKOANDRE beren lagunekin aritzen zirela iñauteriari nortasun eta ohore haundia ematen ziotelarik.

Igande goizean eta Meza entzun eta ondoan herriko gazteek beren soiñulariekin karriketan eta hauzoetan etxez etxe ibiliaz puskak biltzen zituzten gero ostatuan otordu ederra egiteko.

Arratsaldean herriko plazan eta festetan bezala, Danbolin-Nausiek dantzari hasmenta ematen zioten lehenik zortzikoa dantzatuz eta ondotik Soka-Dantza eder bat Danbolin-Etxekoandreekin eta herriko neska eta mutil guziekin batera.

Gero dantza laxoan eginahal guzian tartean mutil-dantzak eta Gaite deitzen zioten dantza ere agertzen zutelarik (Gaite delako dantza hau Leitza-ko Ingurutxoen itxura badu).

Ilun-Ezkile jo orduko bestari akabailla ematen zioten eta neska guziek lasterka etxera.

Mutilek eta gizon gazteak ostatura afaltzera eta ondotik mutil-dantzak eta irri-dantzak denak sasoin ederrean.

Astelenean berriz puskak biltzen, txistulariek soiñu alaiekin eta gazteak harro.

Ostatuan bazkaria biltzen zituzten puskekin, arroltze, txistorra, zingar, ogia eta ematen zuten guziekin.

Arratsaldean berriz dantza eta mozorroak ere jauzika oihu eta irrintzi.

Hirugarren egunean besta haundiena, orduan zaharrak eta gazteak, herri guzia besta egiten zuela.

Bazkalondoan karrikaz-karrika gazte guziak txistulariekin eta han-hemenka Danbolin-Nausiek Sagar-Dantza dantzatuz.

Arratsaldean herriko plazan dantzaldia.

Hirugarren egun hontan zaharrak izaten ziren Danbolin-Nausi eta Danbolin-Etxekoandre eta hoiek ematen zioten Soka-Dantzari hasera.

Gero fandango eta purrusalda, Gaite eta mutil-dantzak eta besta bururatzeko Soka-Dantza eder bat herriko karriketan barna.

Egunero ere Mozorro-Dantza egiten omen zen mozorro guziak jauzika ta pirriaufaka aritzen zirelarik, Mozorro-Dantza honek zortzikoaren soiñua darabil eta gaurko egunean ez dugu ezagutzen.

Ilun-Ezkile jo du eta plazako bestari akabailla eman zaio.

Ostatuan bada umorea, kantu, bertso eta dantza.

Zahar eta gazteak pinpirrinduak eta mutil-dantzan zaharrak ere zauli.

Hor dantzatuko dituzte: Muxikoak, Tellerinek Xoxoarena, Añarxume, Txoriarena, Ardoarena, Mando-Zarrarena, Añar-aundi, Zahar-Dantza (Hau ere plazan dantzatua) eta dantza hoien artean irri-dantzak; Zurrume-Dantza, Esku-Dantza, Zartain-Dantza, Isats-Dantza, Katadera-Dantza, Xaxkito-Dantza, Ipurdi-Dantza eta gehiago ere denak irriz urretuak eta sabelak ongi hornituak.

Hiru egunetan mozorroak jauzika karrikan eta plazan, aurren gibeletik lasterka eta hauek oihuka kantari MOZORRO ZINKO
MUKITZU
SOBERA SOBERA
BADAKIZU
.

M. IZETA.