XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beranteko leitzoneak eztu aitzineko hutsa xahutzen, legeak zuzengaitz iraganekoa zuzentzen duen baino gehiago: eztugu beraz erranen Oihenartek bere aitzinekoaren ondorioko izaiteko orde eta haren ikasle, erakasle agertu nahi izan duela.

Derragun bederen aitzinatzaile, bainan iduriz aitzinekoaren huts eta gaizkiak nola zuzendu behar ziren erakutsiz, eta zehatzaile.

Ezberdintasun agerienak neurtizkintzakoak dira eta hizkuntzakoak; eta ezpada ere hemen ikertu behar den gai berezi eta mugatua, artelan bezala emaiten dira laburpenez.

Neurtitzean, aldaketa osoa errana da: erditik egin du Oihenartek hamabortzeko luzea zortzikorat ttipituz; bainan ere berdintasuna ezberdindu du: laueko bertsu zuzena lehenean, bi neurtitzeko erranaldiak bi, hirur, laur, bederatzi eta hamargarrenean, eta neurtitz bakar bat arteko bortz, sei, zazpi eta zortzigarrenetan.

Galdatzeko da orduan hea egitura hori eztetika hutsezkoa denez, ala ere baduen zer ikus gogo xede zenbaitekin.

Elisione 'ta sinalefa guziak eginez (Etxeparek hain ezberdinki dematzanean: hiru laurgarrenean, bertzerik baterez, aldiz dieresia ahozko moldeak sineresia hobe zuelarik: 3 ygandiac), errima aski aberatsak zuen aldatuz (Etxeparek asonanza bakarra du -i, nahiz errima iduriekin nahasia: -qui (-ki) hamarretatik zortzietan)...

Bai, baina Oihenartek baliatu du ere aitzinekoa, bereari emanez haren oiharzun bat baino gehiago: hastapeneko lehen hitzak (adorešac) eta azkenak (gaynetic) baliatu ditu lehen bertsuaren moldatzeko (-etsac, -unic) eta oraino barne errimako (bertzeric, Iaincoric); gero baliatu du ere asonanzan den -(u)qui (2, 3, 4, 6, 7, 8, 9, 10) aberastuz (-uqui errima hirugarrenean).

Bainan ezta errima bakar bat bietan baino gehiago, erregelari jarraikiz.

Eztu atxiki aski ederra zen Ehor erho (5) itzulia; bainan ohartzeko da bertze zerbaitek ordaintzen duela errima 'ta soinu paralelo aberatsean: Ezadil', erhaiten ari: / Ezizal' ohaidecari.

Hizkuntzako aldaketak ohargarriago dira, nahiz hemen ere baliatzen duen Etxepareren laugarrena hitzez hitz (alda ote zezakeen, nahi izan balu? uste dut baietz!), bainan bakar bat lekuz aldatuz, hiru elisione 'ta sinalefa emanez, Etxeparek bezala eta neurri berean, nahiz hunek laugarren bat huts egiten duen (zortzi silaba: Ait(a) et(a) ama ohor(a) išac / Ait'et'am'etzac ohora).

Hitz errepikak bereziki aditzetan (eztašala bietan, ezetare ahozko laburpena ere) ezeztatzen ditu (ezac, etzac, ezadil', ezizal', eztezala): ez da azkenean errepika bakarra bi olerkietan.

Gramatikazko bitxikeria zenbait ere: luzequi aditz-ondo ohi gabea (luzaz, luzez), vayecila (ikus bizkitartean Oihenarten XXI-garrena), gaycetsi erro ordaina (ezan laguntzaileak behar luke gaitzets, onhets lehenean den bezala; berdin ebaxi, eduqui).

Bainan hiztegia du Oihenartek gehienik aldatu, eta ez garbitu erran ohi den bezala (ezpaita garbi ez zikinik hizkuntzan, hutsak baizik), bainan euskaldu.

Erdalki behar gabeak, hain usu lehenagoko idazkietan eta bereziki elizakoetan, baztertu ditu: adora, iura, causa, vanoqui, sanctifica devotqui, fama, falsuqui, desira; hautatu eta atxiki edo euskal hitzak (iaurets, alferretan, erabil, gezurrezko iaquile) edo euskaran ohituagoak (sainduqui, ohora; desea iberismoz hautatu duke...).

Zuzenketak diren horien ondoan, euskal hitz zaharrak sartu ditu bere gordintasunean: ohaidecari (ikus zer dion olerkietako hiztegi laburrean), ohoinkeri(a), alhor, motil, nezkato, idi.

Eta nork eztu ikusten hemen eguneroko bizi guzia dela sartzen, fazoinik gabe erran ginezake, bainan ere (protestantismoaren erreformatik atera baitzen Kontra-erreforma!) Bibliako hitz zuzenak?

Ikusiko da orduan, hemen ikertzen den gai zuzenerat itzuliz, zein den jende xoilari hurbilago, Garaziko bikario jenerala, ala Donapeleuko abokata...