XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Neoklasizismoa

Neoklasizismo terminoak klasizismo berria esan nahi du, Antzinatera bueltatzea, alegia. Baina ez garai batean bezala ulertua, beste modu batera baizik.

XVIII. mendearen erdialderako emanak zituen barrokoak bere onenak; bere irudimena eta izpiritua errepikatu baino ez zen egiten.

Gainera, aristokraziarekin, erregetasunarekin eta Erregimen Zaharrean gainbehera etorritako baloreekin identifikatzen zen. Horrek guztiak arte-mota berria sortzeko premia eragin zuen, aldaketen ondorioz jaiotzen ari zen gizarte berriaren zerbitzura egongo zen arte-mota bat, hain zuzen ere.

Klasikoa hartu zuten gizarte berriaren eta honen artearen eredu, dogmen menpe ez zegoen gizarte aske baten eredua zela uste baitzuten ilustratuek.

Balore moral klasikoen garbitasuna nahi zuten, Erregimen Zaharreko ustelkeriaren eta krisiaren aurrean.

Honegatik, iraganean garbitasunaren eta arrazoiaren bilatze horretan, arte klasikoa hartu zuten lasaitasunean oinarritutako arte berria sortzeko baliagarri bakarra zelakoan.

Barrokoa faltsukeriaren, gehiegikeriaren eta gezurraren sinonimoa zen.

Hortaz, barrokoarenak ez ziren baloreen eta printzipioen aldeko apustua egin zuen neoklasizismoak: kurbaren ordez lerro zuzena, konplexutasunaren ordez erraztasuna, emozioaren ordez arrazoia. Printzipio hauekin, Iraultzarekin batera sortu zen gizarte berriaren artea irudikatzea lortu zuen.

Baina neoklasizismoak arrakasta lortzeko eta Ilustrazioaren eta iraultzaileen arte adierazgarri izatera ailegatzeko, honako lau faktore hauek ere garrantzitsuak izan ziren:

- PIRANSIk zabaldutako hondakin klasikoen grabatuak.

- Klasikoarekiko miresmena piztu zuten hondakin erromatarren indusketak.

- Klasikoaren nagusitasuna defendatu zuten arte-adituak ziren pertsona batzuen liburuak.

- Arte-akademien lana ere erabakiorra izan zen, neoklasizismoa arautu baitzuten.

Frantzia izan zen mugimendu berriaren epizentroa, baina ondorioak Europa osoan zehar hedatu ziren eta arkitekturan zein gainerako arte figuratiboetan izan zuen eragina.

Arkitektura neoklasikoa

Hauek dira, laburbilduz, arkitektura neoklasikoaren ezaugarriak: bertikalaren ondoan lerro horizontala da nagusi; argitasun handikoak dira ingerada arkitektonikoak eta oinplanoak, erregularrak eta zentralizatuak nagusiki; eraikuntza soilak dira, ia kontrasterik eta kurbarik gabeak; fatxadak eta kanpoaldeak egiteko Greziako eta Erromako tenpluen eredua jarraitu zuten; eta, azkenik, tokian tokiko tradizioak gaindituz, estiloa nazioarteko bihurtzeko asmoa izan zuten.

Paestum-eko tenpluetako baten hondakinak, Italian. Giambattista Piranesi italiarra (1720-1778) pintorea, grabatzailea eta arkitektoa izan zen. Piranesik egindako hondakin klasikoen irudiek eragin handia izan zuten estilo hori hartzeko orduan.

Europako arkitektura neoklasikoa

Estilo berri honen lehendabiziko adibidea Frantzian daukagu: Parisko Sainte-Genevieve eliza, J.G. SOUFFLOTen (1713-1780) obra.

Erromatarren eragin nabarmena du elizako atariak, eta hau koroatzen dagoen kupulak Londresko San Paulo katedralekoa eta Erromako San Pedrokoa gogorarazten dizkigu. Estilo barrokoaren eta neoklasikoaren artekoa da, nahiz eta bere diseinu soila erabat klasikoa izan.

Oinarri grekoerromatarra izan zuen benetako neoklasizismoa Iraultza osteko Frantzian eman zen.

Garai hartako arkitekturaren bi adibide, Parisko La Madeleine, P. VIGNONek (1762-1828) egina, eta Parisen bertan dagoen Garaipen-Arkua ditugu, azken hau J.F. CHALGRINena (1739-1811). Bi lanak garai napoleonikoan eraiki ziren eta Inperioa goraipatzeko egin ziren.